xalbador-(r)en bidalketa guztiak


EUSKOa Xalbadorren

Badu zenbait urte Xalbador kolegioa Euskoaren partaide egin zela, “Euskal Herri ekologiko, euskaldun eta solidario baten alde” lemarekin bat eginez. Euskoa erabiliz, tokiko trukaketei lehentasuna eman, ekonomiaren parte bat birtokiratu, eta euskararen erabilpena eta lekua garatu nahi ditugu.Gauza guti egin dugu orain arte, alta potentzial handia dugu : 253 familia, eta gure hornitzaileetan Euskoa erabiltzen duten hainbat enpresa.
Administrazio Kontseiluan Euskoaren erabilpena garatzea erabaki da : helburuak finkatu, burasoak sentsibilizatu eta Euskotan ordaintzera bultzatu. Lehen urratsa familia bakoitza Eusko elkartearen kide egitea da, eta Euskokarta lortzea. Erraza da, lotura honetan egin beharreko guztia aurkituko duzu, 5 minututan : http://www.euskalmoneta.org/devenir-membre/ . Kide egiteak 12 € kostatzen du.
Kideek Xalbador kolegioa izenda dezakete elkarte lagun gisa, eta horrela, 6 hilabetero erabilitako Eusko kopuruaren %3a kolegioarentzat izanen da. Horretarako 30 kidek behar gaituzte elkarte lagun gisa izendatu. Ondotik, elkarteak, dohaintza moduan, erabili dituzuen euskoen %3a jasoko du. Lagun bakoitzak, hilabetean 50 euro (edo 100 euro) trukatzen baditu, kolegioa finantzatzeko diru iturri osagarri garrantzitsu bat izan daiteke, eta gainera ez die gurasoei ez denboraren aldetik ez eta diruaren aldetik lanik gehitzen ! Euroak euskotan trukatu behar dira, besterik ez, eta eusko sarean diren saltegietan erabili (http://www.euskalmoneta.org/1500-2/).
Ondoko urratsak izanen dira ordainketak Euskotan egiteko prozedurak azaltzea eta erraztea (kotizazioak eta beste).
Anartean, abenduaren 8ko zurkaizgoan Eusko elkartekoek mahai bat atxikiko dute. Kide egiten ahalko zarete, eta Euskokarta sortu.


“ITURRI ZAHARRETIK UR BERRIA” IALA

“Iturri zaharretik
edaten dut,
ur berria edaten,
ur berria edaten,
beti berri den ura,
betiko iturri zaharretik,
beti berri den ura.
Iturri zaharretik edaten dut. ”
J. Artze

Iruditzen zaigu urruna
Gure buruan da lurruna
“Beharba noizbait entzuna”
“Ez da oso ezaguna”
Kantu zaharrentzat ezezkoa zen
beti gure erantzuna
Baina heldu da garai berri bat
ezagutzeko eguna
Beraz iturri zaharretik edan
eta handitu bilduma
Hain zuzen ere, hori delako
gure aberastasuna!

Bertsua : Irantzu IDOATE FUNOSAS

Olerki honen bidez irudikatu nahi izan dugu aurtengo lehen IALAren gaia. Aste honetan guk ere iturri zaharretik edan dugu. Gure iturri zaharra euskal kantagintza herrikoia izan da : aspaldiko kantu herrikoiak, baita XX. mendearen 60. eta 70. hamarkadetan sortutako kantu batzuk.
Ikusi dugu kantu zahar horiek iturriaren ur berria bezala direla : ondare bizia, gure kulturan ongi sustraituak eta belaunaldi guzienak. Atzokoak, egungoak eta biharkoak !
Kantu bakoitzaren historia eta ezaugarriak landu ditugu: egilea, kantaria, aipaturiko gaia(k), lemak, testuinguru historikoa, mezua (baldin bada), adierazten eta sortzen dituzten emozioak, haien garrantzia Euskal Herrian (jendeak nola errezibitu duen ? Bere eragina gizartean ?…)…

Zer da IALA ?
Ikasgaien Arteko Lan Astea :  aste batez usaiako ordutegia hankaz gora bota eta ikastetxe osoa gai baten inguruan “dantzan” ezartzen da.
Lehen 3 egunetan, irakasleek saioak prestatzen dituzte ikasgelentzat, bakoitzak bere arlotik gaia elikatzeko. Aukera baliatzen dugu kanpoko jendea ekar arazteko, gu ikastetxetik ateratzeko, egin molde berrien saiatzeko…
Azken 2 egunetan ikasleak zurkaitz taldean ezartzen dira, eta adinak nahasirik 4 edo 5eko taldetxoka lan bat egiten dute : ostegun goizean kontsigna ematen zaie, eta ostiral arratsaldez epai mahai baten aitzinean aurkeztu behar dute. Talde lana, kooperazioa, ahozkotasuna, sorkuntza ebaluatzen dira, eta bistan dena landu den gaiaren ezagutza.
Aste berezi horretan motibazio handia sortzen da ikastetxean eta momentu “magikoak” bizitzen ditugu.

Sorpresa harrigarria !
Azaroaren 6ean opari ederra ukan dugu : Mixel Ducau, Andde Duhalde, Niko Etxart, Peio Ospital, eta Watson kantariek bisita egin digute. Geletan ibili dira, ikasleekin mintzatzen, eta eguerditan kantaldia eskaini digute, 300 ikasleen aitzinean. Hau giroa ! Biharamunean Pantxix Bidart ere ikasleekin ibili da, eta ostegunean Zortzi taldearen kontzertua (Bixente Junca et Xanti Legarto). Bihotzetik eskertzen ditugu, haiei esker iturri zaharretik ur berria edaten segituko dugu !

Euskal Irratietako elkarrizketa hemen.

Ikus argazkiak gezian klikatuz :

 


2018ko SARTZEA

2018ko sartzea jazko urte bukaera bezala hasten dugu, mobilizazioaren bidez.

Hezkunde Nazionalak zor dizkigun postuak eman ez dizkigunez, ikasturtea baliabide eskasarekin abiatzen da : 25 postu beharrean, 20rekin eginen du Seaskak, horietarik 15 inguru bere sakelatik ordainduz ! Baldintza hauetan ezingo dugu gure misioa bete. Hezkunde Nazionalak gure garapena ito nahi du !

Joan den ostiralean irakasle eta langileek Paueko Inspekzio Akademikoa okupatu zuten, eta sartze egun honetan burasoek ikastolak. Noiz arte hola segitu beharko dugu ?