Hileko artxiboak: urtarrila 2018


TOLOSA

Urtarrilaren 24tik 26ra errezibitu ditugu Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastolako ikasleak Xalbadorren. Egunean zehar Xalbador eta Kanbon zehar tailer ezberdinetan parte hartu badute (ikus argazkiak), arratsetan Xalbador kolegioko 5.eko baten etxean lo egin dute, bakoitzak trukakide bat edo bi baitzituen.

Proiektu honen helburuak anitzak dira :

-Euskararen erabilpena indartzea eta hobetzea

-Beste euskalkien ezagutzea.

-Euskal Herriko ugaritasuna deskubritzea

-Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak sustatzea.

-Jakin mina eta interesa piztea, ber adineko ikasleak elkartuz eta beren mundutik abiatuz, helburu, aktibitate eta hizkuntza amankomun baten inguruan.

Trukaketa honen bigarren partea Apirilaren 25etik 27ra iraganen da eta gure aldi izanen da Tolosara joatea !!

Tolosako truka kideak hor zirelarik, tailer ezberdinetan parte hartu dute gure ikasleek. Besteak beste kantu bat idatzi dute eta irratian grabatu beste elkarrizketa batzuekin (Gure Irratia) :

Tolosa Xalbador erreportaia

Elgarrizketa bakarrik

Xalbador Tolosa bertsuak

Goazen kantuaren nahasketa


IALA : “KOLEGIOAN LASAITASUNEZ LORATU”

     Abenduaren 18tik 22ra egin dugu Xalbador Kolegioan 2017-2018 ikasturteko IALA. Aurtengo proiektua “Kolegioan Lasaitasunez Loratu” izenburupean burutu da, bere helburu nagusia ikaste prozesuan ikaslearen ongi izateak duen garrantziaz gogoeta bat egitea izanik. Hori lantzeko abiapuntua Maslow-ren piramidea izan da, Abraham Maslow psikologo amerikarrak 1943an plazaratutako teoria baten ardatza dena. Honen arabera, pertsonen ongi izatea ziurtatzeko beharrezkoa da behar batzuk betetzea. Garrantziaren arabera, behar fisiologikoak (elikadura eta loa), askatasun eta segurtasun beharrak (babesa eta arauak), jendekidetasun beharrak (talde bateko kide sentitzea) eta autoerrealizaziorako beharrak (sorkuntza eta kontzentrazioa adibidez). Behar horietan oinarrituz, eta nerabezaroan fokalizatuz, ikasleek kolegio-denbora ahalik eta hoberen erreusitzeko itun bat prestatu behar izan dute, talde txikitan ahoz aurkeztu behar izan dutena.

     Aurtengo IALAk bi berritasun nagusi izan ditu. Alde batetik, kurtsoen ordez tailer desberdinak egin dituzte, ikasle bakoitzak 5, gutxienez behar mota desberdin bakoitzari dagokion bat. Tailerrek 2 oren eta 15 minutuko luzapena izan dute, irakasleek edo kanpoko pertsonek eman dituzte, eta bakoitzean 20-25 ikaslek parte hartu dute. Bestetik, ikasleak mailaka nahastu ditugu, hau da, tailerretan 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak nahasirik izan dira.

     Ikasleak IALAren gaian bete betean murgildu dira eta zentzua eman diote egin dutenari. Ikasleen ahozko aurkezpenak kalitate handikoak izan dira orokorrean, gogoeta interesgarriak eta sakonak egin dituztelarik. Aurtengo antolaketa bereziari dagokionez ere, orokorrean ikasleek begi onez ikusi dute, nahiz eta ainitzek onartu duten bitxi egin zaiela adin desberdinetako beste ikasleekin nahasturik egotea gelan.

     Gure aurtengo xedea, manera batez, burasoek IALA astean parte hartzea izan da. Ondorioz Komunikazio Ez Bortitza inguruko gaualdi bat antolatu dugu Arberoa ikastolako ekipa gomitatuz, hortan berezitua baita. XALBADOR kolegioan, ekiparen parte bat Komunikazio Ez Bortitzan formatzen ari da ere bai.