IALA : “KOLEGIOAN LASAITASUNEZ LORATU”

     Abenduaren 18tik 22ra egin dugu Xalbador Kolegioan 2017-2018 ikasturteko IALA. Aurtengo proiektua “Kolegioan Lasaitasunez Loratu” izenburupean burutu da, bere helburu nagusia ikaste prozesuan ikaslearen ongi izateak duen garrantziaz gogoeta bat egitea izanik. Hori lantzeko abiapuntua Maslow-ren piramidea izan da, Abraham Maslow psikologo amerikarrak 1943an plazaratutako teoria baten ardatza dena. Honen arabera, pertsonen ongi izatea ziurtatzeko beharrezkoa da behar batzuk betetzea. Garrantziaren arabera, behar fisiologikoak (elikadura eta loa), askatasun eta segurtasun beharrak (babesa eta arauak), jendekidetasun beharrak (talde bateko kide sentitzea) eta autoerrealizaziorako beharrak (sorkuntza eta kontzentrazioa adibidez). Behar horietan oinarrituz, eta nerabezaroan fokalizatuz, ikasleek kolegio-denbora ahalik eta hoberen erreusitzeko itun bat prestatu behar izan dute, talde txikitan ahoz aurkeztu behar izan dutena.

     Aurtengo IALAk bi berritasun nagusi izan ditu. Alde batetik, kurtsoen ordez tailer desberdinak egin dituzte, ikasle bakoitzak 5, gutxienez behar mota desberdin bakoitzari dagokion bat. Tailerrek 2 oren eta 15 minutuko luzapena izan dute, irakasleek edo kanpoko pertsonek eman dituzte, eta bakoitzean 20-25 ikaslek parte hartu dute. Bestetik, ikasleak mailaka nahastu ditugu, hau da, tailerretan 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak nahasirik izan dira.

     Ikasleak IALAren gaian bete betean murgildu dira eta zentzua eman diote egin dutenari. Ikasleen ahozko aurkezpenak kalitate handikoak izan dira orokorrean, gogoeta interesgarriak eta sakonak egin dituztelarik. Aurtengo antolaketa bereziari dagokionez ere, orokorrean ikasleek begi onez ikusi dute, nahiz eta ainitzek onartu duten bitxi egin zaiela adin desberdinetako beste ikasleekin nahasturik egotea gelan.

     Gure aurtengo xedea, manera batez, burasoek IALA astean parte hartzea izan da. Ondorioz Komunikazio Ez Bortitza inguruko gaualdi bat antolatu dugu Arberoa ikastolako ekipa gomitatuz, hortan berezitua baita. XALBADOR kolegioan, ekiparen parte bat Komunikazio Ez Bortitzan formatzen ari da ere bai.