KORRIKA 19 : EUSKAHALDUN !

Korrika19korrika19 3

KORRIKA KANBON HELDU DEN OSTIRALEAN. XALBADOR ERE EUSKAHALDUN !!
2015eko martxoaren 19an Urepelen, hain zuzen ere, hasiko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. 11 egunez gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hemeretzigarrenez, martxoaren 29an Bilbora heldu arte.
Xehetasun guziak (ordutegi, ibilbide, hitzordu…) hemen.

XALBADOR Kolegioak  bere kilometroa hartu du : martxoaren 20an ostiralez, goizeko 7:42etan, 139. KM
Kasu :  15 mn lehenago bederen tokian izaitea beharrezkoa da
Non :  KANBOn, Errobi ikastolaren parean. Ibilbidea : Ikastolatik kolegiorat hiri barneko itzulguneraino
ZUEKIN eta zuen haurrekin kondatzen dugu.
8.30etan ikasleak kurtsoetan sartuko dira.

ARRATSALDEAN
Korrikaren ospatzeko, eta Euskararekiko atxikimenduaren erakusteko, animazio arratsaldea izanen da ostiralean : KORRIKA TTIPI antolatzen da Kanbon, besteak beste 3 kolegioetako ikasleekin (800 bat ikasle !). Kolegioetako ikasleek harrera hesi erraldoi bat eginen diete 1. mailako eta ama ikastolako haurrei : 13’50etan hasiz Kanboko 2 itzuli eginen dira, bukaera frontoian askari batekin eginen delarik.

korrika19 2


3.eko ikasleen proiektu artistikoa

Azken urteetan bezala, 3.eko ikasleek beren proiektu artistikoa aurkeztuko digute datorren ostiralean Bastidan. Ikasleek emanaldi hori aste guzian prestatuko dute.

Hona hemen zer dioten :

Gure proiektua, “Azken agurraren negarra” izenekoa, gerlari buruz izanen da. Proiektu honen aurkezpena manera berezi batez eginen dugu, kabaret moduan hain zuzen.
Aste guzian beraz horri buruz lan eginen dugu ostiraleko ikusgarria antolatzeko. Astelehen eta asteartez,  errepikapenak eta lanketak Xalbador kolegioan hasi ditugu kanpoko laguntzaile batzuekin : dantzak, kantuak, antzerkia, apainduren prestatzea.
Gaur Bastidara goaz eta han, gisa beran taldeka segituko ditugu lanketak datorren ostiralean emanen dugun ikusgarriarentzat dena prest izan dadin.

Gomita :    Gomita


TOLOSA / XALBADOR TRUKAKETA 5.ean

DSC_0048 DSC_0102  DSC_0012DSC_0105

Aurten hirugarren aldikoz gauzatzen dute Xalbador Kolegioko 5.eko ikasle-irakasleek Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastolarekiko trukaketa. Gure ikastetxea biziki atxikia da proiektu honi, garrantzi handiko helburuak baititu :

  • Euskararen erabilpena indartu : adin berekoen artean euskaraz komunikatzea, hizkuntzaren garrantziaz ohartaraztea, eta erabilpenerako motibatzea.
  • Euskal Herriaren ezagutza sakondu : gure herriaren beste eskualde bat ezagutzea, Euskal Herriaren aniztasuna agerian ezartzea  (euskalkia, geografia, bizi modua, ekonomia….).
  • Harremanak landu : beste ikastola bateko adin bereko gazteekin harremanak ukaitea, elkar ezagutzea, ongi pasatzea.

Tolosarrak gure ikastetxe eta etxeetara jin dira 2015eko urtarrilaren 14tik 16ra, asteazkenetik ostiralera. Eta ondotik, gu Tolosarat joanen gara martxoaren 25tik 27ra.
Ikasleak bikoteka emanak dira. Ikasturtean zehar, bikoteen elkar ezagutza internet bidez landua izan da : bakoitzaren aurkezpena, bakoitzaren ingurunea (herria, familia, bizimoldea…).

Aste honetan, lagun Tolosarrentzat eskola orduetan aktibitate desberdinak antolatuak izan dira, tailer moduan : pista jokoa, Kanbo herriaren ezagutza, trinketean pilotak eta sareak eskuz egitea, Yoseikan Budo, karaokea, marrazkia, bertsolaritza, irratigintza eta beste joko bat. Eskola orduetatik kanpo, ikasleak familien etxeetan egon dira, eta hango irakasleak gureekin ibili dira eskualdea ezagutzen .

Topaketa arraskastatsua izan da : Euskara sekula baino gehiago erabilia izan da, ikasleen  elkar ezagutza gauzatu da, harreman politak egin dira,  eta aroa lagun, hiru egun zoragarri pasatu ditugu. Ikasleak anitz inplikatu dira proiektuan, sorkuntza ederrak eginez eta arduraz jokatuz ; burasoak ere gogotik sartu dira jokoan. Aipamen berezia antolaketan buru belarri ibili diren irakasle arduradunei (Maite, Benoît eta Gillermo), eta laguntza eman duten guziei : Ellande, Jokin, Aritz, Jose, Naia, Gorka, Panpi, Leire, Ainhoa, Oier, Janire, beste irakasleak….

Orain Tolosarako bidaia berantetsia dugu. Ea martxoa fite heldu den !

Hemen atzemanen dituzue Euskal Irratiekin egin ditugun grabaketak :

Quizz 01 :

Quizz 02 :

Bertso 01 :

Bertso 02 :

Elkarrizketa :

 

 

DSC_0085 DSC_0107DSC_0096DSC_0078


Burasoen OBRA TALDEA jo ta ke lanean !

DSCN0673 DSCN0678 DSCN0681 DSCN0696 DSCN0699 DSCN0714

Joan den sartzea eraikin berrian egitea alimaleko berri ona izan zen guretzat. Zaharkitua zen kolegioan hainbat urtez lan egin ondoren, bi urtez obra handiekin batera lan egitera egokitu behar izan genuen (obrek sortu trabak, algekoak, ikastetxea bi gunetan banatua…).

Orain baldintza material oso onetan lan egiteko parada dugu. Eraikinaz gain (ikasgela berri, eder eta egokiak) altzariak eta tresneria ere eskuratu ditugu gure lan pedagogikoa ahal bezain baldintza onetan eramaten laguntzeko. Adibidez, ikasgela bakoitzak badu bere bideo-proiektorea, eta informatika sarea arraberritu dugu, material zaharra atxikiz, Linux sistemari esker (baina hau beste istorio bat da).

Orain, ikastetxe berri hau altxor baten gisa zaindu, begiratu, goxatu behar dugu, bere iraupena bermatzeko. Mantenu egokia eta erregularra zor diogu, eta proiektu berriak ere plantan ezarri behar ditugu !

Eta hor kokatzen da obra taldearen funtzioa.

  • Alde batetik, eguneroko konponketa tipiak segurtatu behar dira (kutxak, apalak, arbelak, altzariak eta abar), bai eta ere urtean zehar egin behar direnak (hosto bilketa, arroila garbitze, teilatu hodien huste eta abar). Horren egiteko, zenbait buraso erregularki heldu dira iluntzeetan irakasle taldeak eskatu lanen egitera. Eta gehiagoren beharra delarik, auzolanean ari gara : larunbat goizez, oporrak aitzin, mailaka burasoak lanerat deituak dira, eta arrastelu, jatsa, zurubi eta abar sutan ezartzen dira Xalbadorren. Bistan dena, kafe edo aperitifak beti hor dira momentu horien goxatzeko, eta burasoen arteko loturak azkartzen dira holakoetan.

 

  • Beste aldetik, lan handiagoak ere badira egiteko. Joan den urtean, kanpoen antolatzea erabaki genuen, zeren eta belar guneen eta gudroinaren arteko kantailak hautsiak baitziren. Ondorioz, eurite handietan urak gainezka egiten zuen, eta lurra denetara hedatzen zen. Uztailaren 5ean eta 12an bi auzolan egun antolatu ziren, eta 20 bat burasoren artean kantaila berriak ezarri ziren. Aurten, azaroaren 8an beste goiz batez aritu gara, azken lanen bukatzeko : lurra hedatu eta belarra erein. Horri esker, gure haurrek kanpoko eremu eder bezain txukuna ukanen dute !

Eta proiektu berria badugu, hau aspaldiko ametsa gainera ! Badu urteak nahi dugula kirol zelai bat apailatu “Ene Pentzea” etxearen aitzinean den eremu batean. Eremu hori patarrean da, eta beraz beharko da lurra berdindu eta hargintza lan batzuk egin (pareta, uraren drainatzea, eta zelaiaren betoinatzea). Hirigintza arloko lanketa bururaturik, orain behar dugu aurrekontua kalkulatu, eta gero beste auzolan handia antolatu. Lan honek aste bateko iraupena luke, beraz buraso taldea azkarki mobilizatu beharko da. Baina ikusirik taldean den giroa eta lanerako grina, ez da dudarik ametsa gauzatuko dugula eta laster batean gure ikasleak saskibaloian, eskubaloian edo zangobaloian jostatzen ikusiko ditugula !

Lan horiek kostu bat dute, alabaina. Baina buraso taldean baditugu ofizialeak, eta lan horietan gaitasun handiak dituztenak : hargin, baratzezain, laborari, kanpokoetako arkitekto, sukaldari eta abar. Eta bereziki, badira buraso langile eta motibatuak. Bistan dena, lanaren ondoko momentu bereziek (kafe, aperitifa, bazkari…), gure arteko giroa laguntzen dute eta lana goxatzen. Hau dena errateko lanek kostua izanik ere, biziki arintzea lortzen dugula, lanak guhaurrek eginez eta ditugun laguntzei esker : burasoek ekarri tresnak (traktore, kamioi, pala mekaniko, tresneria…), herriko etxeak prestatu materiala, eta enpresa batzuen laguntza ere. Hemendik, eskerrak guziei !

Bukatzeko, adi egon hitzordu berriei, eta laster arte.

Photo-0055 Photo-0058 Photo-0059