Goza nazazu gehiago, gu gara giltza!

    Kolegioko jolaslekuan mosaiko erraldoi bat eginez ospatu dugu Xalbadorren euskararen nazioarteko eguna, abenduaren 3a. Hirugarren mailako 30 bat ikaslek parte hartu dute antolaketan. Une goxo bat pasa genuen.

Igandea zen aurten abenduaren 3a, gure hizkuntzaren nazioarteko eguna, baina ez genuen, haatik, data hori oharkabean pasatzen utzi nahi. Ekimena hirugarren mailako ikasle multzo zabal baten ekimenez abiatu zen. Egun horren kari zerbait antolatzeko gogoa agertu zuten eta irakasleekin bildurik, ikastetxeko jolastokia baliatuz mosaiko aldarrikatzaile erraldoi bat egiteko ideia zertu zen.

Paperean lema diseinatu ondotik, astelehen eguerdian metroak eta igeltxoak eskuan hartu eta irudia lurrean markatzeari ekin genion eguzki epela lagun. Txirrina jotzerako prest zen mosaikoaren mapa: giltza baten irudia eta ondoan “gu” hitza. Hurrengo desafioa ikasle multzo bakoitza bere tokira ekarraraztea zen. Helburu hori erdiesteko 3.eko antolatzaile bakoitza LP gela batetik pasa zen, ekimenaren helburua eta ekimena bera azaltzeko, bai eta talde bakoitza bere lekura eramateko. 16:00etarako denok geure lekuan ginen. Prest argazkirako! Gora kaierak! Gora eskuak! Eseri orain! Irri eta algara artean une goxoa bizi izan genuen. Bukatzeko, nola ez, dantza. Ederra benetan.

Ez dezagula ahantz, euskarak aurrera egiteko gu gara giltza! Goza nazazu noiznahi! Bizi euskaraz!

Mila esker antolakuntzan ibili zareten ikasle eta irakasle guztiei.