Eskola sartzea goxoki iragan da. Aurten 339 ikasle ditugu, Xalbadorren sekulan izan ez den kopurua : 14 gela ditugu (lau 6.etan eta 5.etan, eta hiru 4.etan eta 3.etan).
Pedagogia arloan ikastetxe proiektua garatzen segituko dugu, ikasle bakoitzaren beharrei ahal bezain ongi eranztunez.
Antolaketari dagokionez, ikastetxearen kapazitatearen mugetara hurbiltzen ari gara, eta aurten Administrazioa Kontseiluaren baitan ikertu beharko dugu heldu den urteko sartzea nola antolatu, jakinez Baionako kolegioa ireki aitzin (2017/2018 ikasturtean) azkena izanen dela.
Irailaren 1an, 6.ekoen sartzea
Lehen egunean, 6.eko ikasleak bakarrik errezibitu ditugu, eta egun osoa iragan dugu elkarren ezagutzaren egiten, bai eta ere eremuena.
Lehenik, joko baten bidez Xalbadorreko taldea aurkeztu dugu : irakasle, laguntzaile, hezitzaile, garbitzaile eta administrazioko langileak haien aitzinean ginen, eta bakoitzak bi kartoi zituen eskutan : bata izenarekin ta bestea funtzioarekin. Ikasleei eskatu diegu pertsona bakoitzari doazkion bi kartoiak atzematea.
Ondotik, goiza haien irakasle arduradunarekin iragan dute, hainbat informazio hartzeko : ordutegia, antolaketa, barne araudia, materiala, kantina, garraioa eta abar… Eta bai, lehen mailatik bigarrenerat hozka handia bada, eta gauzak anitz aldatzen dira !
Bazkalondoan, irakasle arduradunek antolatu jokoa egin dugu : Xalbadorreko zurkaitz guziak hor ziren, eta zurkaitz bakoitzak bere “Lan Lagunduetako” taldea hartu du, arratsaldea goxoko iragaiteko : pista-joko baten ikasleek bidez Xalbadorreko eremuak, bai eta ere Kanbokoak ezagutu dituzte. Bukaeran, atsal askaria hartu dute denek elkarrekin.
Egun horren bidez, espero dugu ikasle bakoitza taldean eta kolegioan hobeki sentitzen lagundu dugula, eta lanean hasteko baldintzak errextu ditugula.
Berritasun bat aurten 6.eko burasoei buruz : irailaren 15ean, 20:00tik 22:00ra iraganen den gelako bilkurak aitzin, 19:30ean zurkaitz guziak Xalbadorren izanen dira, zurkaizgoan dituzten haurren burasoen errezibitzeko. Ez dute pista-jokorik antolatu, baina bai zurkaitz/buraso harremana hasteko eta elkar ezagutzeko bilkura bat.
Irailaren 2an, 5.ekoan, 4.ekoen eta 3.ekoen sartzea
Ikasleek asteazken goiza irakasle arduradunekin iragan dute, ordutegiak eta urtearen helburu nagusiak aipatuz. Harreran bi puntu azpimarratuak izan dira : Euskararen erabilpena bermatzea eta elkarbizitzan urrats baikorrak ematea. Ekipa guzia horretan ahaleginduko da aurten ere.