Ongi etorriak !

Ongi etorri Xalbador Kolegioaren web-gunera.
Duela aspaldi ukan genuen web gune bat, baina azkenean lokartu zitzaigun.
Joan den neguan, Xalbadorreko Administrazio Kontseiluan “Garapena” lan batzordeko ordezkariaren eskutik web-gune baten sortzea pentsatua izan zen.

Geroztik, lan talde tipi batean buraso, irakasle edo administrazioko langile, denak elkarlanean ari izan gara. Arlo bakoitzaren beharrak definitu ditugu, eta denen lokarri izan den Hegoa Arregik asmatu eta eraiki du gune hau. Eta horra emaitza !
Zertarako web-gune bat ?
  • publiko zabalarentzat : kanpoan gure proiektua hedatzeko, euskara mundurat jalgitzeko. Seaskan oro har eta Xalbadorren bereziki jorratzen dugun pedagogiaren berri emateko.
  • ikasleentzat : haien berriak ikaslearen xokoa blogaren bidez hedatzeko, bai eta ere irakasleek sarean ezartzen dituzten baliabide pedagogikoen erabiltzeko. Gure ikasleen eskutik ukanen duzue egin dituzten proiektuen berri : ateraldi, talde lan, erakusketa, ikusgarri, sorkuntza eta abar.
  • burasoentzat : Xalbadorreko bizian gehiago murgil daitezen. Alde batetik haien haurren proiektuak segitzeko, pedagogia arloan egiten dena interneten bidez jasotzeko. Administrazio arloa ere arindua izaten ahalko da gune honi esker. Bestetik, elkartearen berri ukaiteko. Gure sisteman burasoak oinarrizko partaideak dira, eta hainbat lan taldetan buru belarri sartuak dira. Web gunea haien oihartzuna ere izanen da, burasoen xokoa atalaren bidez.
  • talde pedagogikoarentzat : erran bezala, gure proiektua lau haizetara zabaltzeko, eta hainbat baliabide pedagogiko ikasleen eta familien esku uzteko.

Tresna hau bizia, parte hartzailea eta sortzailea izan dadin dugu xede, horregatik partaide guzien artean mamituko eta bizi araziko dugu.

Gure ikastetxeari izena eman zion Xalbador bertsulariaren Herria eta hizkuntza bertsu ezagunaren kopla batekin agurtzen zaituztegu, ontsa laburbiltzen baitu gure izpiritua.

Anai-arrebak, entzun ene aho-otsa:
izaite bat ez daike hezur hutsez osa;
herria da gorputza, hizkuntza bihotza;
bertzetik berextean bitarik bakotxa,
izaite horrendako segurra hil hotza.