Hitz, eztabaida gunea ikasleentzat

Kontzertazioa

Astearte batzuetan (bilan orduarekin aldizkatuz), oren bat klase guzietan, ikasleen ordutegian sartua eta irakasle arduradunak animatua.

Helburua :

    • Ikasleak beren estatutuaz, eskubideez eta betebeharrez kontzientzia hartzea,
    • Komunikazioa segurtatzea ikasle eta instituzioaren artean, Ikaslea, eskola biziaren aktore bilakatzea.
Ikasleen ordezkariak
    • Gelaka bi ordezkari, ikasturte hastapenean ikasleek hautatuak, gela eta hezkuntza taldearen arteko lotura segurtatuko dutenak.
    • Hezkuntza aholkulariarekin biltzen dira beharren arabera (biltzarren prestakuntza, arazoei buruzko eztabaidak, ...).
    • Ordezkarien parte hartzea gelako kontseiluaren lehen zatian : lan giroa, arazo bereziak, diziplina, ...
    • Ordezkarien formakuntza ikastaro puntualetan egina da, Hezkuntza Aholkulariaren eskutik.

Ordezkariek kontseiluetan parte hartzeaz gain, beharren arabera eta guttienez hiruileko kontseiluaren ondotik HAN ekin bilduko dira, bilana eta proposamenen egiteko.

Formakuntza hau hobetzeko xedearekin, kolegio-lizeoko HAN eta Seaskako profesionalekin landua izan da 2013-2014 ikasturtean. Aurten hasirik, Seaskako bigarren mailetako ikasle ordezkari guztiak biltzen dira formakuntza baten egiteko.

Elkarguneak eta jardueren sustatzeko gunea

Eguneroko biziaren aberasteko, elkarren ezagutzaren laguntzeko, irakaskuntzako gaietatik kanpoko ekimenak proposatzen zaizkie ikasleei, Hezkuntza Aholkulariak kudeatzen dituen elkargune desberdinak daude :

    • ikasleen txokoa : Egunero ikasleen elkarbizitza laguntzeko, HAN ek txokoa animatzen du, eskulanak proposatuz edo mahai-jokoak antolatuz. Gorputz Heziketa irakaslearekin lotura eginez (ASS), ahal bezain bat animazio bultzatzen da (adibidez, zirko iniziazioa, mahai-joko txapellketak...Euskara batzordearen dantza ikastaldiak/mus txapelketa/ ikasleei zuzendua den informazio gune baten sortzea/edo ikasleek proposatutako beste ekimenak... urtez urte alda daitezkeenak). Gune horretan, IEP gelako edo ezintasun berezi bat duten ikasleen beharrak eta segipena arretaz segitzen eta laguntzen dira, ikasle bakoitzaren integrazioa lagunduz, bakoitzaren berezitasuna kontuan hartuz, laguntzaile bereziturik (AVS) ez duten ikasleen segipen hurbila eginez, besteak beste...
    • Euskara batzordea : Euskararen erabilpena ikastetxeko eremu guzietan bultzatu nahi duten pertsonak bildu dituen taldea dugu. Urtean zehar, ekimen desberdinak asmatu eta proposatzen ditu, talde honetako protagonistak ikasleak direlarik. Hezkuntza aholkularia talde horren animatzailea da.
    • Animazio egunak : Urtean bi, Txokoak duen ber helburuarekin, elkarren arteko harremanak, elkar bizitzaren laguntzea dute helburu. Ikasleek egin proposamenetarik abiatuz eta ikasleekin antolatzea da xedea. Euskara batzordeko kide hautatuek egun horietarik baten antolaketa beren gain hartzen dute (Korrika / Euskararen eguna edo beste...)
    • Sentsibilizazio kanpainak : Urtean zehar, kanpoko profesionalen edo eremu horietan lan egiten duten elkarteen eskutik prebentzio saileko ekimen batzuk antolatzen ditugu (HIESA, toxikomaniak, sexualitatea, bortizkeria, etab.)
    • Xalbador kirol elkartea : Kolegio bakoitzak bere kirol elkartea osatzen du, kolegioaren zuzendariaren gain delarik horren lehendakaritza eramatea. Elkartearen helburua kirol jardueren antolatzea eta kirol praktikak bultzatzea da.

Elkartearen Bulegoaren osaketa : 

    • Lehendakaria : Eñaut Elosegi
    • Diruzaina : Oier Hiriart
    • Idazkaria : Maialen Alfaro
Kantinatik landa

Kirol animazio ziklo batzu proposatzen zaizkie ikasleei, gorputz heziketa irakasle batek animaturik : futbito (futbol txapelketa), pilota txapelketa, zirko eta abar…

Urtean zehar, eta ordutegietatik kanpo, aste buruetan edota asteazken arratsaldeetan, ateraldi batzuetan parte hartzeko posibilitatea eskaintzen zaie ikasleei : elurretara, eskalada, etab.

Aktibitate guziak kolegioaren ardura pean dira.
Kirol elkartean, ikasleen esku-hartzea bultzatzen da, klaseka arduradunak izendatuz,

    • kirol ekitaldien proposamenen egiteko,
    • ping-pong gelaren kudeaketa beren gain hartuz.

Horretaz gain, aurten Koroa eta antzerki tailerrak proposatuak dira nahi duten ikasleentzat.