Burasoen OBRA TALDEA jo ta ke lanean !

DSCN0673 DSCN0678 DSCN0681 DSCN0696 DSCN0699 DSCN0714

Joan den sartzea eraikin berrian egitea alimaleko berri ona izan zen guretzat. Zaharkitua zen kolegioan hainbat urtez lan egin ondoren, bi urtez obra handiekin batera lan egitera egokitu behar izan genuen (obrek sortu trabak, algekoak, ikastetxea bi gunetan banatua…).

Orain baldintza material oso onetan lan egiteko parada dugu. Eraikinaz gain (ikasgela berri, eder eta egokiak) altzariak eta tresneria ere eskuratu ditugu gure lan pedagogikoa ahal bezain baldintza onetan eramaten laguntzeko. Adibidez, ikasgela bakoitzak badu bere bideo-proiektorea, eta informatika sarea arraberritu dugu, material zaharra atxikiz, Linux sistemari esker (baina hau beste istorio bat da).

Orain, ikastetxe berri hau altxor baten gisa zaindu, begiratu, goxatu behar dugu, bere iraupena bermatzeko. Mantenu egokia eta erregularra zor diogu, eta proiektu berriak ere plantan ezarri behar ditugu !

Eta hor kokatzen da obra taldearen funtzioa.

  • Alde batetik, eguneroko konponketa tipiak segurtatu behar dira (kutxak, apalak, arbelak, altzariak eta abar), bai eta ere urtean zehar egin behar direnak (hosto bilketa, arroila garbitze, teilatu hodien huste eta abar). Horren egiteko, zenbait buraso erregularki heldu dira iluntzeetan irakasle taldeak eskatu lanen egitera. Eta gehiagoren beharra delarik, auzolanean ari gara : larunbat goizez, oporrak aitzin, mailaka burasoak lanerat deituak dira, eta arrastelu, jatsa, zurubi eta abar sutan ezartzen dira Xalbadorren. Bistan dena, kafe edo aperitifak beti hor dira momentu horien goxatzeko, eta burasoen arteko loturak azkartzen dira holakoetan.

 

  • Beste aldetik, lan handiagoak ere badira egiteko. Joan den urtean, kanpoen antolatzea erabaki genuen, zeren eta belar guneen eta gudroinaren arteko kantailak hautsiak baitziren. Ondorioz, eurite handietan urak gainezka egiten zuen, eta lurra denetara hedatzen zen. Uztailaren 5ean eta 12an bi auzolan egun antolatu ziren, eta 20 bat burasoren artean kantaila berriak ezarri ziren. Aurten, azaroaren 8an beste goiz batez aritu gara, azken lanen bukatzeko : lurra hedatu eta belarra erein. Horri esker, gure haurrek kanpoko eremu eder bezain txukuna ukanen dute !

Eta proiektu berria badugu, hau aspaldiko ametsa gainera ! Badu urteak nahi dugula kirol zelai bat apailatu “Ene Pentzea” etxearen aitzinean den eremu batean. Eremu hori patarrean da, eta beraz beharko da lurra berdindu eta hargintza lan batzuk egin (pareta, uraren drainatzea, eta zelaiaren betoinatzea). Hirigintza arloko lanketa bururaturik, orain behar dugu aurrekontua kalkulatu, eta gero beste auzolan handia antolatu. Lan honek aste bateko iraupena luke, beraz buraso taldea azkarki mobilizatu beharko da. Baina ikusirik taldean den giroa eta lanerako grina, ez da dudarik ametsa gauzatuko dugula eta laster batean gure ikasleak saskibaloian, eskubaloian edo zangobaloian jostatzen ikusiko ditugula !

Lan horiek kostu bat dute, alabaina. Baina buraso taldean baditugu ofizialeak, eta lan horietan gaitasun handiak dituztenak : hargin, baratzezain, laborari, kanpokoetako arkitekto, sukaldari eta abar. Eta bereziki, badira buraso langile eta motibatuak. Bistan dena, lanaren ondoko momentu bereziek (kafe, aperitifa, bazkari…), gure arteko giroa laguntzen dute eta lana goxatzen. Hau dena errateko lanek kostua izanik ere, biziki arintzea lortzen dugula, lanak guhaurrek eginez eta ditugun laguntzei esker : burasoek ekarri tresnak (traktore, kamioi, pala mekaniko, tresneria…), herriko etxeak prestatu materiala, eta enpresa batzuen laguntza ere. Hemendik, eskerrak guziei !

Bukatzeko, adi egon hitzordu berriei, eta laster arte.

Photo-0055 Photo-0058 Photo-0059